Santa Ana eta Ama Birjina Haurrarekin

Santa Ana eta Ama Birjina eta Haurraren irudi txiki hau ?Santa Ana Hirukoitza izenez ere ezaguna? Hedegile kaleko horma-hobi batean egon zen 2006ko urtera arte; orduan, erreplika bat jarri zuten haren ordez. Eguraldiaren eraginpean zegoenez, azaleko polikromiak kalte handiak zituen; gainera, azpian pintura-geruza gehiago zituen, jatorrizko tailua ezkutatzen zutenak; horrek, ezbairik gabe, zaildu egin zuen jatorrizko ezaugarriak lehengoratzea.

Ama Birjinaren ama jarleku molduratu batean eserita dago, eskuin besoa aurreratuta duela, galduta dagoen sinboloren bati (ezin jakin zehazki zeri, lore sorta bati, agian) eusten ariko balitz bezala. Belo zuri batekin eta aurpegian estu lotuta daraman kolore bereko zapi batekin estalirik du burua. Buruko zapiak bularraldean du segida, itxuraz behintzat, beheko ertza “V” forman amaitzen dela. Forma hori egokiagoa dirudi mantuari eusten dion sokarena izateko, baina piezaren kontserbazio-egoera kaskarrak eragindako okerreko interpretazio baten ondorio izan daiteke nahaste hori. Maria bere amaren ezkerreko belaunean eserita dago, koroa buruan, ezker eskuaz lore bati eusten eta eskuinaz bedeinkazioa ematen, Jesus Haurra eskuin belaunean hartuta duela. Tamaina txikia eta egikera herrikoia izanik, xehetasun gutxi ageri ditu estilo gotikoko eskultura honek, eta horrek zaildu egiten du sailkapena, baina XIV. mendearen erdialdean datatu daitekeela uste dugu.


Lokuzioa

Ficha técnica

  • Egilea: Anonimoa
  • Data: XIV. mendearen erdialdea
  • Teknika: Zur polikromatua
  • Neurriak: 34 x 16 x 10 cm;
  • Kokapena: Santa Maria Katedrala (Vitoria-Gasteiz), Hedegile kaleko hirugarren auzoko horma-hobi batetik ekarrita
  • FITXA TEKNIKOA DESKARGATU (PDF)

Irudien galeria